XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JAKIN BEARRAK

Euzkadi'ko Izugarrikeriak

Lenago ere, aitatu ditugu izparringi ontan, txuri izena duten oiek gure Aberri maitea dan Euzkadi'n egindako izugarrikeri batzuek.

Izugarrikeri aiek edestu nituanean, ez nuan uzte orrelakorik gertatuko zanik geiago; ain gogorrak eta ain negargarriak ziran gertaera aiek.

Bañan, nere uztea, esaera zaarrak dion bezela (uzteak erdia uztel) erdia ezik, osoa ere uztela izan da.

Oraingo izugarrikeri abek, lenago Durango'n, gero Gernika'n ta gero beste erri askotan egindakoak baño, askoz ere aundiagoak dira.

Badakizute guziak edo geienak, Bilbo txurien mende erortzeko arrizkuan zegoalarik, agintariak aginduta, an bizi ziran emakume, agure eta neska mutillak, erritik irtetzen asi zirala Santander aldera.

Alde artako bide guziak betetzen zituztela, an zijoazten, batuek berebilletan, besteak oñez, al zunak al zuan bezela.

Emakume batzuek euren aurrak magalean zaramazkitela, besteak atzetik amari ezin jarraituaz, ta guziak, euren etxeko goxotasunak utzita, eskutan edo bizkarrean eraman al zituzten etxeko treznak edo arropak, erdi arrastan zaramazkitela.

Au irakurtzen dezutenok, oartuko zerate noski zer dan orrelako ibileira bat eta nolako atsekabea eramango zuten euren barrenetan gizajo aiek, euren erriti igezi zijoaztela.

Bada oiek guziak, gizajo aiek jasan izan bear zituzten guziak negargarriak baziran ere, esango diutet nik zerbait ori guzia baño negargarriagoa dana.

Ote guzi au orrela igesi zijoala, azaltzen dira ortzean etsaien egazkiñak (avion) ta emakume ta aurretzaz batere errukitu gabe, ekiten diote lergaiak (bonbak) botatzen ta lergai oiek sartzen duten bildurrakin, emakume ta aurrak ero antzera laxterka asten diran garaiean, nora edo noruntz joan ez dakitela, orduan berriro ekiten diote euren izkilluazkarragaz (ametralladora) ta iñork sinistuko ez luken ainbateko erailketa izugarria egingo dute.

Ori da negargarria ori, negargarririk zerbait baldin bada ludi ontan.

Bide guziak, ildakoez eta zaurituaz beterik daude: ama batek, eure aurra ilda ikusiarren, besoan artuta berakin darama eurak illobiratu naiean.

Bazter guzietan eriotza zabaltzen dute, Jinkoan izena beti aboan darabilkiten etsai anker oiek, ta gero, euren izparringietan diote, eurak, maitasun aundienakin jasotzen dituztela gurasorik gabe gelditutako umeak.

Ez dakit nik oiek diotena egia dan, bañan nik ongi dakidana da, oiek jasotzen dituzten ume guziak edo geienak, eurak atzerritik ekarri dituzten guda treznak bitarte dituztela, erri gentzatsu (paketsu) batzuetan egindako erailketa izugarri batzuen ondorenak dirala.

Orrela gelditu dira ainbeste ta ainbeste aur gurasorik gabe eta ainbeste guraso aurrik gabe; guziak, batere errurik etzutenak ta euren etxeetan lasai bizi zirala, eriotza arkitu dutenak, oraindañoko beste iñongo gudan gertatu ez dan bezela.

Berriz ere, norbaitek jaso bearko ditu, orrelako jardunen ondoren gelditzen diran ainbeste umezurtz eta gurasoak nun dituzten ez dakiten umeak.

Ta oraindik gogorragoa dana bada.

Gertaera abek, lenengo egunekoak dira ta erriak ori jakin zualarik, urrengoan egunez bildurtzen ziralako, ozte (jende), geiena gabez abiatu zan, ordu ortan arraxkurik izango etzulakoan, bañan gure etsaientzako, ez dago ezertarako eragozpenik, batez ere, euren asmo zital ta biurriak bete nai dituztenean.

Urrengo egunean, gabez izanarren, berdin berdin agertu ziran etsaien egazkiñak ta argontzi (faroak) eder batzuekin bideak ongi argitu ondoren, aurreko egunean bezela jardun ziran euren lan izugarri ortan.

Orrela jardun dira egun batzuetan eriotza zabaltzen, egunez eta gabez, eten gabe. Iñork ez daki zenbat illak ian diran egun abetan Bikai'ko bide bazterretan, bakar bakarrik, gure Jinkoak jakingo du, España'ko gudalburu (General) batzuek, Doiztar ta Italiarrak lagun dituztela, gure Aberrian egin dituzten emakume ta aurren erailketak (asesinatoak) zenbaterañokoak izan diran ta Ludi (mundu) ontako gizonak eta erriak, oiek epaitzeko indarrik edo gogorik ezpadute ere.

Berak, gu guzion gañetik dagon orrek, bere garaiean bear bezela epaituko ditu.

Ona garbi adierazi, txuri izenez ezagutzen diran ta uzkurtza (erlijionea) aldezten ari dirala esaten duten oiek, gure Aberrian, Euzkadi'n egin dituzten izugarrikeri izugarrikerienetako batzuek.

EGI-ALDE.